Barrikako
Ezker Batuak "krisialdiaren errealitatetik urrun" dagoen aurrekontua onartu izana egotzi dio EAJ buru duen tokiko Gobernu Batzordeari. Onetsitako 3,3 milioi euroko kontuetatik milioi bat "frontoi erraldoia" altxatzen erabiliko dute, orube batzuk saldu ostean. Amaia Aparicio zinegotzi federalistak salatu duenez, "beharrezkoak ez diren proiektu faraonikoetan zentratuago dago" Juan Jose Ezpeleta jelkideak zuzentzen duen Gobernu Taldea, "barrikoztarren beharrizanei erantzun beharrean". Aurtengo aurrekontua "txikiagoa" izanda, dirua "egitasmo praktiko eta bidezkoetara" zuzentzea eskatu zuen joan den astearteko osoko bilkuran EBk. Besteak beste, egon badagoen frontoia konpontzea eta, berria egin nahi duten orubean, haur eskola eraikitzea proposatu zuen Apariciok. Horretaz gain, behin Goierriko eskolak bukatuta, bertan ludoteka jartzea eskatu zuen EBren zinegotzia; "batik bat, aurreko udal batzar batean onartu egin zelako". Hala ere, Apariciok kritikatu duenez, egindako proposamenei "ez entzunarena" egin zuen EAJk; baita Mendieta auzoan konponketa lanak egiteari ere. Argazkian, Barrikako udaletxe eta eliz ingurua.