Hondeamakinak atzo eraitsi zuen,
otsailaren hasierara arte Getxoko Turismo Bulegoaren egoitza nagusia zen "Azul marino" izeneko etxea, Algortako Ereaga hondartzan. Udal arduradunen arabera, "txosten teknikoek egiaztatu dute eraikinaren egituraren egoera oso txarra zela. Etxeko zutabe batzuk ez zeuden zoru gainean jarrita eta horregatik eraikina eusteko eskorak zeuden". Getxoko PPk, ordea, etxea botata "auzotarrei eta alderdi politikoei bizkarra ematea" egotzi die Imanol Landa alkateari eta EAJren Gobernu Taldeari. "
La Terraza jatetxea bota eta bertan bunkerra egitearen kontra sinadurak batu dituzten bizilagunei eta osoko bilkuran hori atzera botatzea erabaki genuen alderdioi, alegia", Eduardo Andrade zinegotzi popularraren arabera. PPren ustez, Ereagan erabilera anitzeko eraikina altxatzeko "lehenengo urratsa" da atzokoa. Andraderen hitzetan, "baliteke hondartza denboraldia igarota hastea" aipatu egitasmoarekin. Halere, Ereagako turismo etxola eraisteak "ez dauka zerikusirik" La Terrazarako Udalak duen proposamenarekin, Landa alkatearen arabera. Argazkian, hondeamakina "Azul marino" izeneko etxea txikitzen / Getxoko PP.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.