Espainiako Barne Ministerioak egokitutako 3.141 botoez gain, Getxo udalerrian
Iniziatiba Internazionalistak beste 33 boto gehiago batu zituela erabaki zuen atzo Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak. Izan ere, pasa den ekainaren 7an egindako Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen Getxoko aktetan bi arazo nagusi topatu zituzten. Alde batetik, II-HEren 33 boto beste hautagaitza baten izenpean agertzen ziren Espainiako Barne Ministerioaren dokumentazioan, nahiz eta mahaiko aktan ondo agertu. Beste aldetik, mahai oso bat bikoiztuta ageri zen. Bestalde, Sopelan Iniziatiba Internazionalistak ez du boto gehiagorik izango PACMAk lortutako boz kopuru handiaren kaltean eta ez du horretan ahaleginik xahutuko, bertan II-HEri dagozkion 791 botoak ondo jasota baitaude. Horretaz gain, Espainiatik kanpotik postaz bidalitako botoak ere zenbatu ziren atzo eta eragina izango dute eskualdean, nahiz eta normalean probintziaka ematen diren. Hego Euskal Herrian, guztira, beste hautagaitzetara bideratutako edo baliogabetzat emandako
1.468 boto berreskuratu ditu II-HEk, horietatik 384 Bizkaian. Gainera, beste 334 boz (102 Bizkaian) bereganatu ditu postaz, 140.068ko emaitza erdietsiz.