Leioako Mendibile jauregiak hartuko du, gaur eta bihar, Dastatopa edo Euskal Herriko Ardo Gazteen Topaketaren bigarren edizioa. Horrela,
Bizkaiko Txakolina Arautzeko Kontseiluaren egoitzan, Arabako Errioxako ardoak eta Nafarroako, Getariako, Irulegiko eta Arabako txakolina dastatu eta erosi ahal izango dira, Bizkaiko txakolinarekin batera. Baina, zintzurra bustitzeaz gain, Euskolabeleko produktuak probatzeko aukera ere izango da. Gainera, ardozaleek estimatuko duten dastaketa ikastaroak eskainiko dituzte. Guztira 16 ekoizle izango dira gustu oneko hitzorduan. Gaur, arratsaldeko 7etan Bodegas y Viñedos Ramon Bilbao enpresako gerentea den Rodolfo Bastidak abiatuko du topaketa, hitzaldi baten bidez. Gaia tokiko mahatsa erabiltzeak ardo gazteen etorkizun komertzialean duen eragina izango da. Horren ostean, Eneko Arruebarrena Leioako alkateak Juanjo Novellaren "Hostoa" eskultura inauguratuko du, Mendibile jauregiaren atzeko aldean. Ondoren, kanpoko karpan ardo eta Lumagorri izendapeneko oilasko dastaketa hasiko da, 22:00ak arte luzatuko dena. Bihar, larunbata, berriz, hainbat jarduera izango dira eguerditik arratsaldeko 3ak arte eta 19:00etatik gaueko 11etara. Tartean hegaluze dastaketa egingo dute. Argazkian, Mendibile jauregiko areto bat.