Udondo gaztetxeak egun berezia prestatu du larunbat honetarako, ekainak 13. "Leioako kaleak berreskuratu" nahian jarduera ugari egingo dituzte bihar, 11:00etatik aurrera, Boulevardean. Besteak beste, xakea, eskalada, malabarismoa, globoflexia, "hacktibismo"-a, txapak egiteko makina, txalaparta, serigrafia, Amazonaseko objektuen erakusketa, eta abar luze bat izango dute aukeran bertan batzen direnek. Indarrak hartzeko, berriz, bazkari begetarianoa egingo dute; baita belarriak gozatzeko olerki errezitaldia ere. Amaitzeko, alboka, soinu, pandero eta bakoitzak jotzen dakienaz alaitutako kalejira egingo dute herrian zehar. Izan ere, "azken urteotan, bizitzarik gabeko herria bihurtu da Leioa", Udondo gaztetxeko neska-mutilen ustez. Hori dela eta, gune autogestionatuan dituzten "tailer, aktibitate eta kezkak" kalera aterako dituzte, "karriketan barrena bizitza hedatuz",
Koska irratiko "Koskaberri" albistegiari adierazi (mp3) bezala. "Denon konpromisoarekin, gure gauzetan lan egiten eta autogestioaz, gizarte honek inposatzen duen aisialdi motatik ihes egin eta honi planto egin ahal diogula erakutsiko dugu", adierazi dutenez. Argazkian, mutil bat eskalada egiten Udondo gaztetxean.