Usadio zaharrari eutsiz, aurten ere Gorpuzti eguna hartuko du igande honetan, ekainak 14, Algortako Portu Zaharrak. Aurrekoetan bezala, meza atari zabalean entzuteko aukera izango dute Etxetxu plazara bertaratutakoek, eguerdiko 12etatik aurrera. Horren ostean, 13:00etan, ohiko sardina jana egongo da bertan eta, sabela bete bitartean, Biotz Alai abesbatza algortarraren emanaldia entzun ahal izango dute guztiek. Arratsaldean, berriz, Los Cinco Bilbainos talde entzutetsuak izango du jaialdiari amaiera emateko ardura. Arratsaldeko 7etatik aurrera eskainiko dute saioa. Bitartean, Erandion Landan ostegunean abiatu ziren Gorpuzti jaiak eta igandean bertan emango zaie amaiera. Hala ere, oraindik badago zerekin gozatu. Besteak beste, “Ellas bailan solas” kale antzerkia izango da, Euskadi plazan, 17:00etatik aurrera. Gauean, berriz, Drac de Foc El Cabrot taldeak eskainiko du su eta piroteknian oinarritutako ekitaldia. Hala ere, ez dira Gorpuzti jaiak Erandion izango diren ospakizun bakarrak izango, asteburu honetan. Larunbat eta igandean ere San Antonio jaiak ospatuko dituzte Martiartun. Argazkian, iazko Gorpuzti eguna Algortako Portu Zaharrean /
Algortako Portu Zaharra.