Ehun lagun baino gehiagok erantzun diote, gaur arratsaldean, Inge Urrutia algortarraren atxiloketari. Guardia Zibilak borra luzagarriak eskuan, subfusilak kargatuz eta pistolei helduz moztu nahi izan dute auzokideek emakumeari agertu dioten elkartasuna, Algortako Salsidu kalean. Urrutia ihesaldi saiakera batekin lotzen dute.
Berriak zabaldu duenez, Guardia Zibileko iturrien arabera, ETAk 2007rako Huelvako (Andaluzia) kartzelako euskal preso batzuen ihesa prestatu zuen eta, horrekin lotuta, gutxienez lau lagun atxilotu dituzte gaur. Iñaki Goioaga abokatua da atxilotuetako bat eta Inge Urrutia algortarra beste bat. Aurrena Bilbon atzeman dute. Hirugarren atxilotua Ana Paz litzateke, Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso algortarraren neska-laguna, eta Huelvako espetxean bertan atzeman dute. Bestalde, Juana Orta atzeman dute Andaluziako hiri berean. Orta bertoko elkartasun batzordeko kidea da. Guardia Zibila hiriko etxebizitza bat miatu du arratsaldean; baita Urrutiaren etxea ere, Algortan. Garcia Sertutxa, Arkaitz Goikoetxea Basabe "Torrotxero" -algortarrak biak- eta Igor Solana (Bilbo, 1974) presoak galdekatu ditu, halaber, Guardia Zibilak, eta haien ziegak miatu dituzte. Goikoetxea lehen Huelvan eduki zuten eta maiatzetik Valdemoron (Madril, Espainia) dago. Solana ere lehen Huelvako espetxean egon zen preso, eta joan den otsailetik Valentzian (Herrialde Katalanak) daukate. Arratsaldeko zortzietarako manifestazioa deitu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Algortako Telletxe plazatik abiatuta.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.