Bestalde, Gorka Garcia Sertutxa "Patas" algortarra eta Arkaitz Goikoetxea "Torrotxero" getxoztarra, Igor Solana bilbotarra bezala, "preso atxilotuak" une honetan, ezohiko egoera legal batean daude. Hirurak galdekatu zituzten atzo eta haien ziegak miatu zituzten. Garcia Sertutxaren kasuan, gainera, helikopteroz Madrilera lekuz aldatu zutela zabaldu zen atzo.
Huelvako espetxetik Igor Solana eta Gorka Garcia Sertutxa 2007an ateratzeko ustezko plan zahar bat "orain" ateratzeak eta mediatikoki jantzi beharrak zalantzak sortu dizkio Algortako AAMri, operazioaren helburuaren inguruan. Plaza erdian, hipotesia mahai-gaineratu dute AAMko kideek: helburua Iñaki Goioaga abokatu sestaoarra atxilotzea, galdekatzea eta bere dokumentazioa miatzea delakoan daude. Izan ere, Espainiako Estatuak aspaldidanik hainbat abokatu "ETArekin nahasten" saiatu dela gogora ekarri dute, eta ezker abertzaleak azken denboraldian egiten ari den hausnarketaren berri izateko xede izatea ez dute baztertzen.