Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzo plazaratutako oharra:
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa atxiloketen inguruan
Atzo espainiar Estatuan eta Euskal Herrian Guardia Zibilak burutu zituen atxiloketen aurrean honakoa adierazi nahi dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik:
Euskal preso politikoak, hauen senideak, eta preso politikoen abokatu bat atxilotu izanak Rubalcaba ministroak eta espaniar Gobernuak duten errepresio gosearen neurria erakusten digute.
Espainiar Gobernuak diseinatua duen bide orri errepresiboaren azken atala da atzoko operazioa. Zentzu honetan, argi gelditzen ari da errepresioaren jomugak gero eta eremu gehiagotara zabaltzen ari direla.
Ihesaldi baten saiakera aitzakiatzat hartuz burutu duten Polizia operazioak bestelako helburuak ditu gure ustez. Operazio honekin euskal preso politikoen defentsan aritzen diren, eta euskal preso politikoak babesten eta laguntzen jarraitzen duten guztien aurkako mehatxu bat burutu dute. Eta operazioa Guardia Zibilak burutu izanak mehatxuaren neurria erakusten du. Tortura, inkomunikazioa, espetxea eta sakabanaketa; hori izan daiteke euskal preso politikoak lagundu eta babestearen ordaina.
Donostian milaka lagun Ion Antzaren desagertzea salatzeko manifestaldian zeuden bitartean burutu zuen Guardia Zibilak operazioa. Errepresioak eta gerra zikinak eragindako desagertze baten salaketa eraso errepresibo berri batekin estali nahi izan dute.
Momentu honetan atxilotuetako hiru gutxienez inkomunikatuak daude Guardia Zibilaren eskuetan. Guardia Zibilak tortura erabiltzen du atxiloturik eta inkomunikaturik dituen euskal herritarren aurka, eta une honetan gure kezka eta larritasuna mahai gainean jarri nahi ditugu atxilotuak bizitzen ari daitezkeen tratuaz.
Atxilotuen herrietan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik.