Biharamunean, larunbatean, ekainak 13 Mike Hammer & The Taxi Drivers-en eskutik abiatuko zen bluesa. Laukote bizkaitarra 2004. urtean sortu zen eta zenbait estilo jotzeko gai da: soulean hasita, rockeraino, funkya ahaztu gabe. Taldeak hainbat saiotan erakutsi du bere kalitatea eta Gary Mooren handiaren telonero ari zen.
Horien ostean jaialdiaren saio nagusia abiatu zen: Koko Taylorri omenaldia, hain zuzen ere. Abeslari famatua orain dela bi aste zendu zen eta larunbaterako programatuta zegoen bere kontzertua Getxon. Omenaldian honako artista hauez osatutako hirukotea jardun zen: E. C. Scott abeslaria; Henry Butler eskarmentu handiko piano-jole eta abeslaria, bluesa, rhythm&bluesa eta jazza lantzen dituena, eta Kenny Neal gitarra-jolea. Halaber, horiekin The Koko Taylor's Band aritu zen, Koko Taylorrekin hainbat urtetan jardun den taldea, hain zuzen ere. 5.000 lagun inguruk gozatu zuten saioaz.
Jaialdiko azken kontzertua Johnny Mars harmonika joleak eskaini zuen. XXI. mendean, esperimentatuz eta erregistro berriak bilatuz, harmonika sendotzen jarraitzen duen musikari aparta da. Haren estiloa Blues harmonika jole gehienak erabiltzen duten ohikoa ez bezalakoa da. Bere kontzertuan 2.000 bat pertsona bildu ziren.