Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin, Leioan emandako lapurreta biren ustezko egilea identifikatu du tokiko poliziak, lapurtutako denda bateko kamerek grabatutako irudiak erabilita. Joan den ostegunean, hilaren 11an, goizeko 6:20an eman ziren lapurretak Leioako erdialdean diren saltoki bitan: kasu bietan ateak puskatu zituzten, arropa onak eramateko, udal iturrien arabera. Pertsianaren parte txiki batean eragin zuen kaltea lapurrak, behealdetik barrura sartu ahal izateko. Denbora gutxian, praka garestiak eramaten zituen lapurrak, Udaltzaingoak dioenez. Baina, lapurtutako denda batek segurtasun kamerak zituen jarrita eta dena grabatu zuen. Irudiok Leioako eta Bilboko Udaltzaingoek datu basean dituzten delitu egile ohikoekin alderatu zituzten, eta P.Z.L. bilbotarra identifikatu zuten lapurretaren ustezko egile bezala. Bestalde, gizona lapurretak eman ziren tokietatik gertu ikusi izan zuela deklaratu omen du garbitzaile batek.