Inge Urrutia gazte algortarra kargurik gabe aske utzi dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean deklaratu ostean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez.
"Berria" egunkariaren edizio digitalak zabaldutakoaren arabera, kausa honetan, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso getxoztarra zein Igor Solana gatibu bilbotarrarentzat ere ez du zigorrik eskatu Fiskaltzak. Kontua da “atxilotu” aurretik ere kartzelan zeudela biak, Valdemoron eta Valentzian, hurrenez hurren. Bitartean, Iñaki Goioaga sestaoarra eta Ana Paz santutxuarra espetxeratzea agindu du Grande Marlaskak, Fiskaltzak eskatutakoari jarraiki. Gorka Garcia Sertutxa "Patas" algortarrarentzat ere gauza bera eskatu dute. Baina, azken hori preso zegoen,
larunbatean "atxilotu" aurretik, Huelvako espetxean. Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi du epailearen bulegoa dagoen solairutik bidali egin dituztela defentsa abokatuak, Grande Marlaskak atxilotuei deklarazioa hartzen ari ziela. Atxilotuek inkomunikazio egoeran deklaratu dute: Goikoetxeak bideokonferentziaz Valdemoroko espetxetik eta gainontzeko bostek Auztegi Nazionalean bertan. Argazkian, atzoko manifestazioa Algortan.