Ertzaintzak 31 eta 32 urteko gizonezko bi atxilotu zituen atzo goizean Erandion, apirilean aipatu udalerriko enpresa batean indarra erabiliz lapurtu zutelakoan. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, bi gizonek hogei mila euroko balioa duten mota ezberdinetako sei tona berniz eta bertako langileek erabili ohi dituzten hainbat objektu eta material ostu omen zituzten. Horien artean, lizpaperrak, diskoak, bandak, maskarak, arrabolak eta masillak ere hartu ei zituzten, guztira bost mila euroko baliokoak. Ertzaintzak, salaketa baten bidez izan zuen lapurretaren berri. Ustezko gaizkileek sarrerako atean kalteak eragin zituzten, polizia iturriek diotenez. Salaketaren arabera, lapurtutako bernizak ezaugarri bereziak zituen, enpresan bertan egiten zuten eta ondorioz, lapurtutakoa merkaturatzea deigarria izango litzateke. Salatzaileak emandako datuei eta Ertzaintzak abiatutako ikerketari esker, ustezko bi lapurrak identifikatu eta aurkitu dituzte.