Ostiralean, ekainak 19, Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak eta Immigrazio Zerbitzuak bultzatutako Euskarashowa ekimena izango da Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan. Kultur-anitzen karaoke horren helburu nagusia "kulturen arteko harremanak sustatzea da, musikaz baliatuz", udal iturrien arabera. Hori dela eta, jatorrizko getxotarrak eta etorkinak bilduko ditu, elkarrekin abesteko asmoz. Orotara, 11 taldek kantatuko dute, 21:00etatik aurrera. Horiek amaitutakoan gonbidatu berezi batzuek abestuko dute: Jorge eta Israel Pisa flamenkoa euskaraz kantatzen duten Bermeoko bi mutiko, Jone Diez gazte getxoztarrak, Jose Herediak eta bere taldeak (Lau teilatu eta Athleticen himnoa eskainiko dituzte) eta Candela Radio Dj-ak.
Euskarashowa gauerdira arte luzatuko da, kanten eta gonbidatutako artisten ondoren munduko, toki desberdinetako, gastronomia dastatzeko aukera egongo baita. Hain zuzen ere Bolibiako, Filipinetako eta Marokoko janaria egongo da, Bizarra Lepoan elkarteak antolatutako txosnan. Orduan ere kultura desberdinetako lagunak elkartzeko une aproposa izango da.
Dantza Eguna
Ekainaren 19tik 21era, berriz, Getxotar Dantza Eguna ospatuko da. Aurten, jarduera horrek bere hamaseigarren ekitaldia izango du. Publikoak bertoko bost dantza eskoletako taldeek eskainiko dituzten saioez gozatu ahal izango du. Koreografia guztiak Algortako Biotz Alai plazan dantzatuko dituzte. Aurtengo edizioan, 4 eta 20 urte arteko ehun bat ikaslek parte hartuko dute. Saioetarako gonbidapena, doakoa, dagoeneko kultur etxeetan jaso daiteke. Ostiralean, saioak 17:00etan eta 19:00etan (Dantzarte-Danco akademia) izango dira; larunbatean, 12:00etan (Ana Lara dantza eskola) eta igandean, 12:00etan eta 19:00etan (Areetako Flamenko eskola-Carmen Vera dantza eskola).
Kantuketan 2009
Larunbatean, ekainak 20, Kantuketan musika zikloaren txanda izango da. Ekimen horren helburu nagusia "euskal musika-talde eta artistarik onenak biltzeko topagune bihurtzea" da, udal iturrien arabera. Aurten saio bikoitza egongo da Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako karpan, Sugan eta Gatibu taldeen eskutik. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira.
Suganek pop-rock zuzena eta freskoa eskaintzen du, jite klasikoz jantzita eta kontzeptu sinfonikoan islaturik. Getxon "Malko Gorria" bere bigarren diskoaren kantak aurkeztuko dituzte. 14 kanta berri biltzen ditu lanak, sentimenduz eta bizitasunez betetakoak. Bestalde, Gatibu euskal talde famatuenetako bat bilakatu da azken urteotan. Getxon "Laino guztien ginetik eta sasi guztien azpitik" disko berriaren abestiak eskainiko dituzte.
Getxotar Abesbatzen Eguna
Azkenik, igandean, ekainak 21, Getxotar Abesbatzen Eguna ospatuko da bigarren urtez jarraian. 18:00etatik aurrera, bertoko 9 talde jardungo dira Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugeniako plazako karpan. Bertan euskarazko konposizioz osatutako errepertorioa abestuko dute. Ekimen horren bigarren edizioan, honako abesbatza hauek jardungo dira: Erromoko Kantariak, Eskuz-Esku, Gorrondatxe, Irutasun, Tangorako Soinutarrak, Zozoak, Itxartu, Biotz-Alai eta Ondarreta.