Euskaltelen kablea eta "itzalaldi analogikoa"
Euskaltelek kablea zabaldu du etxe askotara. Kable horrek gure telebistara "betiko" telebista seinale analogiko hori dakar. Askok horrela ikusten dugu telebista gaur egun.
Abantaila bat badu: antena bidezko telebista analogikoa desagertzeko epeak jarrita dauden arren, badirudi Euskaltelek ez duela epe hori beteko, eta telebista ikusten jarraitzeko aukera izango dugu digitalera pasatu ez garenok.
Euskaltelen kable digitala
Baina kable berdinetik Euskaltelek telebista digitala ere banatzen du. Aukera gehigarri bat da. Besteak beste, ordainpeko filma eta futbol partiduak ikusten dituztenek dekodetzaile bat dute etxean, eta horren bidez ikusten dute telebista digitala. Normalean ditugun kanalez gain, beste gehigarri batzuk eta Pay-per-view bidez filmak erosteko aukera ematen du honek.
Kontua da badagoela LTD-aren parekoa (digitalean) kable bidez ikusteko aukera, kuota gehigarri edo filmak erosi beharrik gabe (Oraintxe dauka Euskaltelek horrelako dekodetzaile bat prezio onean erosteko eskaintza).
Telebista digital sistemak ez dira bateragarriak
Baina kontuz! Bi dekodetzaileak izan ditzazkegu etxean, batekin LTD bidezko kanalak ikusiko ditugu eta bestearekin Euskalteleko kablearen bidezkoak. Batak ez du besterako balio!
Beraz, dendan 30 Euroko dekodetzaile digital bat erosita, ez digu balioko Euskaltelen telebista digitala ikusteko, sistema desberdina bait da. Era berean, Euskalteleko dekodetzailea erosita, ez digu balioko LTD arrunta ikusteko, baina ez du zentzu askorik ere, kanal horiek Euskaltelen kabletik ikusi ahal izango ditugu eta.
Salbuespenak
Gaur egun telebista asko saltzen dira barnean dekodetzaile digitala dutela. Horietan ere, badaude LTD, Euskaltel eta satelite bidezko kanalak deskodetzen dituztenak, kontutan izan datu hau telebista erosteko unean. Hau da, baliteke erosi duzun telebista berri horri esker, dekodetzailerik ez behar izatea.
Laburtuz, HamaikaTB ikusi ahal izateko
Euskalteleko bezero bazara, beraien dekodetzailea erosi eta bilatu kanala
Hau nahastea!
Bai, horrela da. Izugarrizko nahastea da, eta hori, ez dugula ordainpeko LTDaren kasua aipatu. Izan ere, albiste berria da eta gaur egun etxeetan dauden LTD dekodetzaileek ez dute balioko ordainpeko sistema berrirako. Honez gero argi dago digitalerako aldaketa hau frakaso handia izaten ari dela. Estandare ugari, dekodetzaile sistema desberdinak eta gehienok jarraitzen dugu telebista analogikoarekin, kasu askotan hobeto dabil eta. Zer esanik ez satelite bidezko mila aukeren inguruan. Aipatu ere ez ditugu egingo.
Bukatzeko aholkua
Antenekin lanean dabilen lagun batek esan dit onena dela dekodetzaile merke-merkeak erostea, merkatua estabilizatu arte aldaketa asko egongo direlako oraindik.
Telebista berri bat erosteko unean, ez eman garrantzi handirik barruan dituen dekodetzaileei. Horren ordez begiratu irudiaren kalitateari, bereizmen altuko aukerei eta pentsatu pantaila huts bat erostera zoazela. Pantaila huts horri unean uneko tresna (ordenagailu, DVD edo antzekoa) edo dekodetzailea konektatu, eta aurrera!
Gari Araolazak pasa den ekainaren 16an Sustatu.com Interneteko albistegian argitaratutako artikulua.