Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, epaiketa egunean, aipatu erreportajean entzun daitezkeen hitzen egilea dela "onartu" zuen Gallastegik. Halere, zehaztu zuenez, "adierazpen orokorrak ziren. Ez nekien telebistan agertuko nintzenik, are gutxiago espainolean. Hainbat espresio erantsi dizkidate niri, ETAko militanteek zer pentsatzen duten baino ez nengoenean esaten ari". Amaitu zuenez, "inongo momentutan ez zen aipatu Miguel Anjel Blanco. Ni ez naiz ETAkoa eta ez dut inortxo ere hil". Bitartean, Blanca Rodriguez fiskalak frogatutzat jo zituen Gallastegiri egozten zaizkion karguak, bere hitzetan, "gaurko bistan onartu egin dituelako berak". Gauzak horrela, 15 hilabeteko behin betiko zigor eskaera egin zuen.
Akusazio popular gisa ere agertu zen España y Libertad elkarteak, berriz, bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen Gallastegirentzat; baita Miguel Anjel Blanco familiatik gertu egon ezin izateko urruntze agindua. Azkenik, Ermuko Foroak, hori berau ere akusazio popular gisa, 18 hilabeteko kartzelaldia eskatu zuen militante abertzale historikoarentzat; eta Gasteiz, Ermua eta Blancoren sendiarengana hurbildu ezin izatea.
Aurrekariak
Iker Gallastegiren aurkako salaketa eta ikerketaren hasiera 2006ko uztailean izan ziren eta 2007ko otsailaren 22an hartu zioten deklarazioa. Gallastegik berak Juan Del Olmo epailearen aurrean esan zuenari jarraituz, Uribe Kostako AAMk "kontu hau guztia muntaia politiko mediatikoa besterik ez" dela salatu du. Errepresioaren aurkakoek azaldu dutenez, "egun batean, Telletxeko presoen aldeko karteladan zegoela, pertsona bi inguratu zitzaizkion italiar kazetariak zirela esanez, eta galdera batzuk egin zizkioten euskal gatazkaren inguruan, herritarren iritziak jaso nahi zituztela-eta". Besteren artean, honakoa adierazi zuen Gallastegik: “zergatik eskatu behar dugu barkamena? Guri nork eskatu digu barkamena frankismoaren 40 urteak direla eta? ETAn ez dago hiltzea gustatzen zaien horietakorik, ez dago. Haien egitekoa da, aberriaren betebeharra delako hiltzen dute”. "Handik sei hilabetetara esaldi horiek moztuta eta modu maltzurrean muntatuta agertu ziren Tele5 telebista kate espainolean Miguel Angel Blancori buruzko programa batean. España y Libertad elkarteak salaketa jarri zuen, eta handik dator oraingo epaiketa hau", gaineratu du AAMk. Ikerren loba Irantzu Gallastegiri 50 urteko espetxe zigorra jarri zioten, 2006ko uztaila hasieran, Ermuko PPko zinegotzia zenaren hilketan parte hartzea egotzita.