Jose Manuel Etxebarria Gangoiti aukeratu du presidente Getxo Artea Rugby Taldeak, Agustin "Tintxu" Martinezen lekukoa hartzeko. Etxebarriak jokalari eta zuzendaritzako kide ohiek sustatutako zerrenda zuzendu du, taldeko hauteskundeetara aurkeztu den zerrenda bakarra, alegia. Etxebarria EAJren kide ezaguna da. Izan ere, alderdi horrekin Ogasun zinegotzia eta alkateordea izan da Getxoko Udalean. Lanbidez ekonomialaria da eta Getxo Arteak zabaldu duenez, "rugby munduarekin familia-lotura luzea" dauka. Etxebarriak gidatuko duen lehenengo ekimena bihar bertan ospatuko du taldeak Faduran. Izan ere, Seven Tokata lehiaketaren bidez, Getxo Rugby taldeak kirolaren gozamena partekatu nahi du bere zale eta getxoztar guztiekin. Horretarako, nahi duenak hurbiltzeko aukera izango du bihar, larunbata, 16:00etan. Sarrera doakoa izango da eta hirugarren aldia garagardotegian ospatuko dute 19:30etik aurrera. Argazkian, ezkerrean Jose Manuel Etxebarria Gangoiti, 2005ean Iñaki Zarraoa alkatearekin emandako prentsaurreko batean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!