Andoni Muñoz de Vivar Berrio preso urduliztarra Algortan izan zen pasa den ostegunean, ama bisitatzen, segurtasun neurri handien artean. Familiaren lagun batzuek UKBERRI.NETi azaldu diotenez, aurreko astelehenean, hilak 22, Dionisio Muñoz de Vivar, Andoniren aita zendu zen 78 urte zituela. Dionisioren lagun eta senide askok azken agurra eman zioten Burgosko Terradillos de Esgueva herriko elizan. Andonik, berriz, ez zuen horren aukera izan eta amarekin izateko baimen berezia eskatu zuen Langraizko kartzelan. Azkenean, ostegunean amarekin eta gertuko bakan batzuekin bi orduz egon ahal izan zen preso urduliztarra, amarenean, Algortan. Berriotarren etxean 10 bat ertzain izan ziren uneoro Muñoz de Vivar zelatatzen, "tentsio uneak" bizi zirela. Era berean, hainbat lagunek "kalez jantzitako poliziek gazte bat eramaten" ikusi zutela eta, Espainiako Polizia Nazionalak Algortako batzokiaren inguruan gazte bat atxilotu zueneko zurrumurrua zabaldu zen. Andoni Muñoz de Vivar presoa zen pertsona hori, berriro Langraizera eramaten zutela.