![](http://farm4.static.flickr.com/3256/2563665937_dc5a637af4_m.jpg)
Uda heltzearekin batera aldatu ohi ditu ordutegiak
Metro Bilbaok, eskarira egokitzeko. Asteazken honetan, uztailak 1, udako zerbitzua hasiko da, irailaren 18ra arte indarrean egongo diren ordutegiekin. Tarte horretan bi koadro egoten dira, bata abuztuan, Bilboko Aste Nagusian izan ezik, eta bestea uztailean eta irailean, garraio enpresak zehaztu duenez. Uztailean eta irailean, goizez, trenak 6 minututik behin ibiliko dira Bidezabal eta Ezkerralderaino, 07:00etatik 15:30era bitartean, gutxi gorabehera; eta 3 minututik behin San Inazio eta Bolueta artean. Arratsaldez, itsasadarraren ezkerreko eta eskuineko maiztasuna 10 minututik behinekoa izango da, eta 5 minututik behinekoa Etxebarri eta San Inazio bitartean. Trenak Plentziaraino 18 minututik behin joango dira puntako orduetan eta 20 minututik behin tarteko orduetan. Abuztuan, Bidezabal eta Ezkerraldeko maiztasuna 10 minutukoa izango da egun osoan, "berezko oporren hilabetean bezeroak izugarri jaisten direlako", Metro Bilbao enpresako iturrien arabera. Hil horretan trafikoa erdira murrizten da, Bilboko Aste Nagusian ezik. Aurreko urteetan bezala, Metro Bilbaok Bilboko jaietarako dispositibo bereziak jarriko ditu, baita Algortako San Inazio jaietan ere. Aste Nagusian metroa etengabe zabalik egongo da jaietako bederatzi egunetan. Argazkian, metro geltoki bat bidaiariz gainezka.