Onartu berri diren 43 gradutatik, 26 Bizkaiko campusari dagozkio, 11 Gipuzkoakoari eta 6 Arabakoari. Bizkaiko campusean, ondoko ikastegiei dagozkie tituluak: 9 Zientzia eta Teknologia Fakultateari; 5 Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateari; 4 Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolari; 4 Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoari; 2 Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolari; eta 2 Nautika eta itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoari. Gipuzkoako campusean, Unibertsitate Eskola Politeknikoan 6 graduko titulazio berri emango dira, 3 Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, 1 Kimika Fakultatean eta 1 Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan. Azkenik, Arabako campusean, Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolan 5 graduko titulazio berri emango dira eta bat Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan.
"Aurrerapauso handia"
Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen ustetan, Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesua "erritmo onean" burutzen ari da: “Gaur (ekainaren 25eko bileragatik) aurrerapauso erraldoia eman dugu 43 titulu hauek onartuz, eskaintza osatzen baikoaz. Uste izatekoa da, uztailean prozesua burututzat jo ahal izango dela. Ni neu gogobeterik nago lortzen ari garen emaitzekin. Unibertsitateko kide guztiei eskertu behar diet egin duten esfortzu handia Gobernu Kontseiluari ikasleentzat erakargarriak diren proposamenak aurkezteko. Eskaintza erakargarriak izateaz gain, benetako zerbitzu publikoa eskaintzea eta bikaintasun akademikoaren maila mantentzea uztartzen dute”. Dagoeneko EHUren Unibertsitateko Masterren eskaintza Europako Unibertsitateen Eremura egokituta dago. Eta ekainean onartutako graduko titulazioak indarrean egongo dira 2010-2011 ikasturtetik aurrera, "planteatutako eredu berriari erantzunez eta arautegietan eskatutako betekizunak bete ondoren (urte honetako otsailean argitaratutakoak)". Gobernu Kontseiluaren aurreko bileretan 16 graduko titulazio berri onartu ondoren, "gaurkoan 40 titulu berri baino gehiago onartzea aurrerapauso handia da EHUko graduko eskaintza guztia Europako Unibertsitate Eremuan homologatzeko prozesuan", adierazi zuen joan den osteguneko Gobernu Kontseiluaren bileran Goirizelaiak.