![](berrirudi/mentxakabarriren-desalojoa-3.jpg)
Algortako Gazte Asanbladak (AGA) jakinarazi duenez, sei gazte algortar epaituko dituzte bihar, asteazkena, goizeko 11etan, Bilboko Buenos Aires kalean dagoen Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Horietako bat
2006ko martxoaren 7an atxilotu zuen Ertzaintzak, Mentxakabarri gaztetxea husten ari zirela teilatura igo eta suhiltzaileek jaitsi zutenean. Beste lau aurretik,
2005eko abenduaren 3an, identifikatu zituen polizia autonomikoak, doako bideo emanaldi batera joan ostean, aipatu gune autogestionatutik irteten ari zirela. Azken gaztea etxearen jabeak pertsonalki salatu zuen. Hala ere, abokatuetako batek UKBERRI.NETi adierazi dionez, jabea baztertu egin da kausatik, eta, hortaz, ez du zigorrik eskatzen, lekuko bezala agertu beharko badu ere. "Usurpazio" delitua egotzita, lau hilabeteko isuna -12 euro eguneko- eskatzen diote gazte bakoitzari. Horretaz gain, teilatura igo zen mutilari sei hilabeteko kartzela zigorra jarri nahi diote, "erresistentzia" delitua leporatuta. Bitartean, AGAk "gogor" salatu du sei gazteen kontrako auzia, baita Mentxakabarri hustu zuten egunean "Ertzaintzak izandako jarrera oldarkorra" eta "urteetan zehar okupazioaren mugimenduaren aurka hartutako neurri errepresiboak" ere.