Diane Schuur (Seattle, AEB, 1953) txikitan hasi zen jazzaz interesatzen George Shearing eta Duke Ellington pianoa jotzen entzunda. Horiek lagundu zioten pianoa jotzeko estiloa hobetzen eta, aldi berean, Dinah Washingtonek eta Sarah Vaughanek nola interpretatzen zuten ikusten hasi zen, bere estiloa hobetu ahal izateko. 1985ean fruitu ugari emango zuen kontratua sinatu zuen GRP diskoetxearekin eta abeslariaren ibilbide profesional nagusia bertan egin zen. 1997an GRP utzi eta Concord Jazz zigiluarekin sinatu zuen. Bigarren diskoetxe honekin 11 album bikain grabatu ditu, hainbat aldiz izendatu dute Grammy sarietarako eta irabazi ere egin ditu batzuk, esate baterako, 1987an eta 1988an jazzeko kantari onenaren Grammya lortu zuen "Timeless" eta "Diane Schuur and The Count Basie Orchestra" diskoengatik.
Ibilbide artistiko zabala duen arren, diskorik azpimarragarrienetako bat "Heart to Heart" (GRP, 1994) izan da, B.B. King abeslari eta gitarra-jotzaile mitikoarekin batera grabatua. Disko horrekin AEBetako Billboard zerrendako tokirik onenetan egon zen eta are gehiago proiektatu zuen nazioarteko ibilbidea. Bitxia den arren, Diane Schuurrek berez duen talentuak Europan lortu du AEBetan lortu ez duen aintzatespena.