
Pasa den ekainaren 2an, "abertzaletasuna berrindartzeko" asmoz,
Eusko Alkartasuna utzi eta
Alkarbide sortuko zutela jakinarazi zuten alderdi sozial demokratak Gipuzkoan zituen diputatu eta legebiltzarkideek, Iñaki Galdos buru zutela. Geroago jakin zen Gipuzkoako sektore kritikoak alderdia eta webgunerako domeinuak erregistratuak zituela maiatzaren erdialdean, EAko zuzendaritzarekin negoziatzen ari zen bitartean. Pasa den ostiralean, berriz, Alkarbidek azaroaren bukaeran kongresua egingo duela iragarri zuen. Agerraldi berean, Nafarroa Bai sostengatuko dutela jakinarazi zuten eta bide batez, kongresua egin arte alderdi jaio berria gidatuko duten bederatzikotea aurkeztu zuten, tartean Izaskun Trabudua erandioztarra dagoela. Trabudua EAren Bizkaiko Lurralde Batzordekide ohia da eta 2000 eta 2007 bitartean Gizarte Ekintza zinegotzia izan zen Erandion bertan. 2007ko hauteskundetan EAren zerrendaburua izan zen, baina ez zituen behar beste boto eskuratu zinegotzia izateko. Argazkian, Izaskun Trabudua kanpaina hartako kartel batean.