Atzo, asteartea, 17:30ak aldera, herritar batek Ertzaintza ohartarazi zuen, Algortako Ereaga hondartzan zenbait bainulariren tresnak osten harrapatutako gizon bat atxikita baitzuten, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Patruila bat bertaratu zenean, bi emakumezkok poliziei adierazi zieten bainua hartzetik itzuli zirenean euren gauza guztiak eskuoihaletan botata aurkitu zituztela eta, gainera, sakelako telefonoak, eguzkitako betaurrekoak, dokumentazioa eta etxeko giltzak falta zirela. Handik gertu, zenbait lekukok gizon bat atxikita zuten lapurreta horren ustezko egilea zelakoan; hortaz, ertzainek susmagarria atxilotu zuten, baina ordurako, gizonak ez zeramatzan lapurtutako tresnak. Atxilotua komisariara eramatera zihoazenean, hondartzain bikote batek paperontzi batean aurkitutako plastikozko poltsa bat eman zien agenteei. Poltsa barruan, lapurreta jasan zuten bi bainularien dokumentazioa eta gauzak zeuden, polizia iturrien esanetan.