"Hondartza Denontzat" programak 2009an eskaintzen dituen baliabide materialen eta giza baliabideen artean, honakoak nabarmendu daitezke: laguntza teknikoak hareatzetan mugitu ahal izateko eta bainua hartu ahal izateko; aldagela bereziak; laguntza pertsonala aldageletarako, hondartzen barruan ibiltzeko eta bainua hartzeko; eta azkenik, garraio egokitua. Laguntza pertsonala emateko, 21 begirale espezializatu egongo dira; programa honetarako berariaz kontratatu dira. Horrez gainera, talde horrek Espainiako INEM erakundearen “mugitzeko laguntzaile pertsonalak” trebatzeko enplegu tailerreko kideen laguntza izango du, zerbitzua indartzeko.
Hori osatzeko, Bidaideak elkarteak garraio-zerbitzu berezi bat koordinatuko du. Partikularrek zein adinekoei eta ezintasuna dutenei laguntzeko elkarte edo erakundeek eskatu ahal izango dute zerbitzu hori, koordinazio-puntuan bertan.
Sei urte
Bestalde, azpimarratu behar da hondartza bakoitzean, hareatzaren barruan, informazio-puntu bat egongo dela. Handik dinamizatuko da zerbitzua. Puntu horretan eskatu ahal izango dira laguntza teknikoa eta laguntza pertsonala.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk finantzatu dute programa hau hasieratik: aurten, 88.500 euroko aurrekontua du. Diru-kopuru hori ekipamenduak erosteko zein programarako behar diren langileak kontratatzeko erabiltzen da.
"Hondartza Denontzat" egitasmoa 2004an egin zen lehen aldiz, Bidaideak elkartearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Gorliz eta Zierbenako udalen lankidetzari esker. Orain hiru urte, Getxo sartu zen ekimenean; orain bi, Lekeitio eta, iaz, Ibarrangelu.