Auzia epaiketa-aretoan erabiliko zen hizkuntzari buruzko eztabaidarekin abiatu da. Izan ere, defentsak nabarmendu du akusatuek euskaraz epaituak izateko duten eskubidea. Eztabaida hori errotik moztu nahi izan du epaile andereak "ni espainola naiz" esanez. Era berean, abokatuari epaiketa euskaraz egin zedin eskatzeagatik "tontoarena egitea" leporatu dio. Azkenean, auzia espainolez egin da, akusatuen euskarazko berbak ulertzeko itzultzailea jarri diotela epaileari. Ondoren, defentsa eta akusazioen arteko talka heldu da, Armando Torres Mentxakabarri etxeko jabea agertu ez dela jakitean. Fiskalak auzialdia bertan behera utzi eta atzeratzea eskatu du, baina defentsaren eskaera onartuz, epaileak auziarekin jarraitzea erabaki du.
Era horretan, Torresek salatutako gazteak azaldu du zelan ez zuen okupazioan parte hartu baizik eta horren aurretik etxea alokatzen saiatu zen bertan gazte lokal bat irekitzeko. Elkarrizketetan ez zuten akordiorik lortu eta horren berri eman ostean, gazteak kontua utzi zuela esan du. Izan ere, Torresen auzokidea zen eta ez zuen berarekin arazorik nahi, azaldu duenez.
Bestalde, Ertzaintzak 2005eko abenduaren 3an identifikatu zituen lau lagunek berretsi dute Mentxakabarrin doako bideo emanaldi batera joan ostean identifikatu zituztela. Era berean, orain arte egin bezala, aipatu gunea okupatua zela ez zekitela esan dute.
Akusazioaren lekukoek kale egin diote fiskalari
Azkenean, 2006ko martxoaren 7an, zentro autogestionatua hustu zuten egunean, teilatura igo zen gazteak ukatu du ertzainei desobedientzia edota erresistentzia egin izana. Izan ere, gogoratu duenez, jaisteko agindua jaso ostean bere kabuz sartu zen suhiltzaileek teilatura igo zuten saskira eta ondoren ertzainek hartu zuten atxilo berak inolako trabarik jarri gabe.
Egun horretan gaztearekin negoziatzen ibili zen ertzainak hasieratik bukaerara etorri da bat mutilarekin. Are gehiago, poliziak azpimarratu du euriaren eraginez, teilatua labainkor zegoela eta gazteak ezin zuela teilatutik jaitsi, arriskutsua zelako.
Baina deklaraziorik bereziena hurrengo lekukoak eman duena izan da. 2.461 zenbakidun ertzainak esandakoaren arabera, egun horretan manifestazio bat izan zen, protestan parte hartzen zutenek murru bat botatzeari ekin zioten eta berak eta bere lankideek Ertzaintzaren Brigada Higikorrari deitu zioten. "Beltzak" heldu zirenean, kargatu zutela ere esan du gaur lekukorik bitxienak. Defentsak eta akusazioak baztertu egin dituzte polizia horren lekukotasuna, egun horretan "beste lekuren batean" egongo zelakoan eta epaileak ere aurpegi arraroa jarri dio.