Gazte bat 24 ordutan birritan atxilotu dute Ereagan lapurretan ibili delakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko uzt. 1a, 19:37
Getxoko Udaltzaingoak 19 urteko mutil bat atxilotu du gaur goizean Ereagako hondartzan bainulari bati lapurtzeaz akusatuta. Gainera, gazte hori bera atxilotu zuen Ertzaintzak atzo arratsaldean, bi bainulariri lapurreta egiteaz ere akusatuta, uretara joan zirela baliatuta. Bihar bi faltengatik beraren kontrako epaiketa arina egingo dute. Bi kasuetan, lekuko batzuek lapurra geldiarazi zuten polizia heldu arte. Atzo hainbat gauza lapurtzea leporatu zioten, paperontzi batean aurkitu ondoren jabeei itzuli zizkiotenak. Gaur goizean erloju bat (atxiloketa unean esku-muturrean ipinita zeramana) eta dirua ebastea egotzi diote. Bestalde, hainbat auzokidek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, mutil gazte bat "era bortitzean" atxilotu dute gaur goizean dozena bat udaltzainek. Atxiloketa Algortako Txikia plazaren inguruetan burutu dute eta lekukoen arabera, "basatikeria polizialaren adibidea" izan da.
Lapurretei dagokienez, Udaltzaingoak bainulariei gomendatzen die kontuz ibiltzeko gauzak hondartzan uzterakoan, antzeko gertakariengatik aurrekariak dituen aipatutako gizonak beste 5 edo 6 lagunekin batera jokatzen duelako, hondartza osotik ibiltzeko erabiltzaileak bainatzen edo paseatzen diren bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun