Getxo Rugby Taldearen Zuzendaritza Batzorde berriak udalerrian ezaguna den jende talde baten osatzen du, kirol horri oso lotua. Komunikabideei eman zien lehenbiziko mezuan, aurreko zuzendaritza batzordeen lana eskertu zuen lehenik eta behin Manu Etxebarriak; batez ere azken presidentearena, Tintxu Rodriguez, azken 25 urteetan taldea gidatu duena. Etxebarriak berak zerrendatu zituen zuzendaritza talde berriaren oinarriak izango direnak: klubaren egitura kirol eremuan indartzea, harrobi lan onarekin; kluba herritarren artean errotzen jarraitzea, azken urteetan lan hori bertan behera geratu baita; kirol lorpenik onenak, nahiz eta epe motzean izan ez; eta azkenik, klubaren egoera ekonomikoa egonkortzea.
Horretarako, lau batzorde sortu dira: Kirol Arloa, Manu Monasterio klubeko lehendakari ordearen ardurapean; Ekonomia Arloa, Jon Etxebarria nazioarteko jokalari ohia horren arduradun izango dela; Gizarte Arloa, Manu Alkizaren eskuetan egongo dena; eta Administrazio Arloa, Andres Escondrillasen zuzendaritzapean.
Egoera ekonomikoa
Egoera ekonomikoaz Jon Etxebarriak jardun zuen. Horrek "ez du eraginik izan", bere ustez, atzerriko fitxaketen politika bertan behera uzteko orduan. Aitzitik, nahiago izan dute izen handi baten aldeko apustua egitea, arduradun teknikoa alegia, "horibeltzen harrobiari ekarpen handia egin ahal diolakoan". Azkenik, Manu Monasterio lehendakari ordea taldearen harrobiaren egoeraz aritu zen. "Finean, Getxo bere erroetara itzultzen saiatuko da, bere baliabideak kapitalizatuz eta oinarri horrekin gora begiratuz, Brice Bevinen alde egindako apustu handiarekin", azaldu zuenez. Bestalde, klubeko idazkaria Santi Perez de Ziriza izango da. Gainerako kideak, lehen aipatutakoez gain, hauek izango dira: Joseba Aranguren “Morotxo”, Joseba Fernandez , David Etxarri, Jose Luis Martinez “Karra” lehengo entrenatzailea, Jose Ignacio Perez “Ortzi”, Alberto Zubeldia, Bego Maite Jimenez, Victor Agirre eta Jesus Javier Martinez “Pibe”.