EAJ, PSE-EE eta Alternatibaren (lehen Ezker Batua) zinegotzien botoak nahikoak izan ziren, joan den ostiraleko udal batzarrean, Getxo Antzoki berria eraikitzeko proiektuaren 1. faseko lanak esleitzeko. PPren ordezkariak abstenitu egin ziren. Antzoki berria, musika eskola eta San Nikolas plazako lurpeko aparkalekua hartuko dituen zuloaren indusketa lanak abuztuaren bigarren hamabostaldia eta irailaren lehen astea bitartean hasiko dira, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Lehenengo fase horretako lanek sei mila euroko aurrekontua dute eta 16 hilabete inguruko iraupena izango dute. Bitartean, Getxo Antzokiaren proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu dituzte Algortako Etxeandia Apezpikua kaleko 26 auzokidek, "El Correo Español" egunkariak orain egun batzuk zabaldutakoaren arabera, "antzoki berriaren fatxada handiak euren etxebizitzetatik 6 metrora egongo delako eta are gertuago balkoietatik".
Aldaketak HAPOn
Halaber, behin betiko onartu zituzten Getxo Antzokiaren proiektua eta herritarrei administrazioko gestioak Interneten bidez egitea ahalbidetuko dien BiscayTIK proiektua aurrera eraman ahal izateko HAPOren xedapenen aldaketak. Azkenik, Hirigintza arloko gaien artean, behin betiko onartu zuten erabilera publikoko gunetan terrazak eta barrak ipintzeko arauak jasotzen duen ordenantza. Era berean, Udalak hitz eman zuen, PSE-EEk egindako proposamenari jarraituz, Makaletako Etorbidean, Salsidu eta Basarrate kaleen arteko tartean, eta autobus geralekuko markesina dagoen moduan utziz, espaloitik erraz ibiltzea bermatuko duten neurri egokiak hartuko dituela.