Duela hilabete batzuek, kanpaina honen aurretik, beste bi izan ziren martxan udalerriko merkataritzako beste sektore batzuetan. Horrela, urtearen hasieran “Okindegian ere euskaraz” izeneko kanpainan guztira, 31 okindegik hartu zuten parte eta oihalezko 2.000 poltsa banatu ziren. Horren ostean, “Erosi euskaraz” kanpainan 59 dendek hartu zuten parte: 31 harategi, 16 fruta-denda eta 12 arrandegi. Establezimendu horietan erosketak egiteko 3.000 koadernotxo banatu ziren. Horiek hiztegi praktikoa zuten barruan.
Katalogo berria
Bestalde, Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzuak merkatariei eta ostalariei eskaintzen dizkien diru-laguntza eta zerbitzuak jasotzen dituen katalogoa, zerbitzu gutuna, argitaratu du berriro. Guztira, 500 katalogo eta 5.000 esku-orri argitaratu ditu Udalak. Zerbitzuak eta diru-laguntzak honako hauek dira: errotulua ipintzeko diru-laguntzak, itzulpen zerbitzua, maketazio zerbitzua, “Dendaketan” euskara ikasteko ikastaro laburrak, euskara ikasteko diru-laguntzak, material sorta interesgarria (euskaraz edo ele bietan eta doan. “Zabalik/Itxita”, “Merkealdia”, “Eskaintza bereziak”, “Erreklamazio-orriak eskuragarri”...) eta hizkuntza-aholkularitza. Eskaerak telefonoz edo posta elektronikoz egin daitezke, “azken finean, uste dugulako, euskara kalitate gehigarria dela merkatariarentzat eta horretarako Udalak lana erraztu egin nahi dio merkatariari”, adierazi du Iturbek.
“Dendarik denda” informazio orria
Azkenik, Euskara Zerbitzuak “Dendarik denda” informazio orriaren lehenengo alea aurkeztu du. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita, orriak Euskara Zerbitzuak merkatariei zuzenduta antolatzen dituen edo sortzen diren ekimen guztien berri eskainiko die. Udalak bere erregistroan izena emanda duten merkatari guztiei bidaliko die.