Metroa geldirik egon da ordu erdiz San Inazio eta Leioako geltokien artean, katenarian izandako matxura baten ondorioz,
Eitb.com agerkari digitalak zabaldu duenez. Goizeko hamaiketarako konponduta zegoen arazoa. 10:30ean gelditu dute trena, Lutxanako eta Lamiakoko geltokien arteko katenarian matxura bat atzeman dutenean. Horren ondorioz, Zirkulazioaren Segurtasun Protokoloa abiarazi dute, metroaren zerbitzua etenda.
Metro Bilbao enpresako langileak berehala bertaratu dira matxura gertatu den lekura eta ordu erdi behar izan dute arazoa atzemateko, diagnosia egiteko, ebaluatzeko eta matxura konpontzeko. Goizeko hamaiketan metroa martxan jarri dute, eta normaltasunera iritsi da "pixkanaka". Metro Bilbaok barkamena eskatu die San Inazio eta Leioa artean bidaia egiteko asmoa zutenei eta eskertu egin du kaltetutako pertsonek "ulermena eta gizatasuna" erakutsi izana. Argazkian, metro geltoki bat bidaiariz gainezka, aurreko batean.