Enbor erorien ezpalgileek esango dute, I-11tik, lege itxura duen oro erabil litekeela terrorismoaren aurka. Eta Ezker Abertzalea orduan konturatu behar izan zela etorkizunean inork ez diola lagunduko. Erresistentzia armatuari bizkarra eman ezik.
Baina europarren jarrera ez da I-11n sortu. Hegazkin naziek, gure herrietan, zibilen sarraskiak egiten zituztenean, europar demokraten ardura bakarra, guri armarik ez heltzeko, mugak ondo ixtea zen.
Francorengandik ihes egin zutenak, kontzentrazio esparruetan sartu eta euren gerra interesetarako erabili zituzten. Bigarren Mundu Gerra ostean, demokraziaren Europa garaileak Hitler eta Mussoliniren aldeko erregimen faxista espainiarra erauziko zuela uste zuten demokrazian sinesten zutenek. Baina negozioak lehenetsi zituzten, gaur egun legez, demokraziaren aurrean.
1959an, AEBek eta Europak, demokraziaren izenean diktadura frankista egonkortuko zutela ikusita sortu zen ETA. 36ko armek eta osteko erreformak sortutako ukazio eta eskubide zapalketaren aurrean, "zuek konpondu" europar jarrera merkantilista historikoaren ondorio logikoa da. Epaia ez da borroka armatuaren ondorio, askoz lehenagokoa da.
Fredi Paya bertsolari algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.