Gorliz Irratia Uribe Kosta Irratik 20. urteurrena ospatzeko jaia antolatu du larunbat honetarako, uztailak 4, aipatu udalerriko Eliz plazan. Gauzak horrela, estudioa kalean jarri eta zuzenean emitituko ditu eguerdiko 12etatik gauerdira bitartean bertan izango diren ekitaldiak. Saioa FMko 107.8 frekuentzian jarraitu ahal izango da edo bestela
Internet bidez. Hasteko elkarrizketa egingo diete hainbat laguni, tartean, 20 urte hauetan lankideak izan direnei eta Emma Calzada alkate gorliztarrari. 16:00etatik 18:00etara bitartean, berriz, aurpegia margotu eta musikaz gozatzeko aukera edukiko dute umeek. Horrekin batera, “La Flauta Magica” txotxongilo ikuskizuna antzeztuko du Kosiku taldeak. Haurrentzako jarduerak bukatuta, adinez nagusiagoak diren neska-mutilentzako diskoteka eskainiko du Gazte Gune taldeak. Horretaz gain, Alaskaren ordezkoak playbacka egingo du. 19:30etik aurrera, herriko hainbat musika taldek joko dute: Txarriboda Deluxe, Sor-presa, Reggae Burnin Etxea eta Luppulo, hurrenez hurren. Azkenik, DJ Mimoloco bilbotarraren doinuek emango diote bukaera festari, 22:30etik aurrera. Argazkian, esatari bat Gorliz Irratiko estudioan / Gorliz Irratia.