Jiraren izenak ulertzera ematen duenez, Aitorrek ez du diru ekarpen handirik espero bere ibilbidean: "askotan aterako dudana gasolina ordaintzeko" izango dela dio. Dena den, laster beste 3 edo 4 kontzertu gehiago lotzea espero du.
Patada en la Papadaren doinuak entzuteko "Un billete pa un filete Tour" jirara hurbiltzeko asmoa duenak hobe du etxean gelditzea, soinu askoz akustikoagoa aurkituko baitu. Errua Berangoko Grabasonic grabazio gunearen lagunena da, gitarran ikasten haiek animatu baitzuten: "Gabon Zaharrean gaupasa eginez eta orain arte ikasi dudanarekin ja ez dut punk nota batzuk jotzen, orain akordeak eta guzti egiten ditut". Gainera, irailean bestelako musikariekin taldea osatu nahi du Aitorrek, biolina eta haize-instrumentuak barne. Dena den, irailera arte ez da bakarrik egongo. Berarekin "erotzeko jira" horretan Portu portugaldarra murgilduko da, "ni bezala, nomada bat delako".
El Perro Viejok disko batekin sarituko gaitu udazkenean, iraila aldera grabatzen jarri ostean, baina aurretik hezur puska bat utzi digu, "Solo verdades" abestia (mp3). Argentinako lagun batek eskatu zion Aitorri bilduma-disko baterako kanta bat eta bat-batean grabatu behar izan zuen. Hori dela eta ez dago larregi pozik emaitzarekin, abesti geldoa geratu zaiolakoan, zuzenean berriz, "askozaz hobea da".