Asier Borrero Okzitanian atxilotu dutela zabaldu du Efe agentziak

Asier Borrero Toribio 25 urteko gazte berangoztarra Frantziako Poliziak gaur arratsaldean atxilotu duela zabaldu du berriki Efe albiste agentziak. Berria.info-k jakinarazi duenez, Efek "ikerketa iturrien" bertsioari ahotsa eman dio. Iturri horien arabera, Frantziako Poliziak Espainiakoarekin elkarlanean egin duen operazioan Itziar Plaza Fernandez eta Iurgi Garitagoitia Salegi ustezko etakideak ere atxilotu dituzte. Hiruei atxiloketaren unean armak topatu dizkiete, bertsio ofizialaren arabera. Era berean, material informatikoa hartu dute poliziek. Atxiloketak Pauen egin dira, nahiz eta hasieran toki batzuetan Tolosan izan direla aipatu. Biak ala biak Okzitaniako hiriak dira. Asier Borrerori ETAren Bizkaia komandoko kide ohia izatea, Hegoa komandoa zuzentzea eta hainbat atentatutan parte hartu izana leporatzen diote. Besteak beste, Espainiako Calahorrako Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako bonba-autoa, Frantziako Montpellierren Frantziako polizia bat zauritu izana, Zarauzko ertzain-etxearen aurkako lehergailua eta Balmaseda eta Derioko herri etxeen aurkako atentatuak. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Borrero 2008ko uztailean ekin zion ihesaldiari, ustezko Bizkaia Komandoko kideak atxilotu zituztenean. Tartean, Inge Urrutia bere neska laguna birritan atxilotu dute, geroago aske eta kargurik gabe uzteko. Lehenengoan, torturak salatu zituen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun