Atzo, uztailak 5, Getxoko 33. Jazzaldia amaitu zen emaitza ezin hobea lortuta, nahiz eta saio batzuetan eguraldiak ez da ona izan. Guztira, 15.000 lagun gozatu dute jaialdiaz, Getxo Kultur Etxeak zabaldutakoaren arabera. Aurten saio nagusien egitaraua gailendu da eta horietan Diane Schuurren, Omar Sosaren, Michel Camiloren, Spyro Gyraren, Paquito D'Riveraren eta Chano Dominguezen mailako artista eta taldeak jardun dira bost egunez. Zaleek erantzun bikaina eman diote proposamen horri eta hiru saiorako sarrerak agortu dituzte, eta gainerakoetan ia bete egin dute Biotz Alai plaza. Ohi denez, kalitatea eta aniztasuna izan dira musika eskaintzaren ardatz nagusiak. Halaber, Getxo Jazzak talde gazteen aldeko apustuari eutsi dio. Horrela, musikari ospetsuak ez ezik, Talde Lehiaketako eta "Hirugarren Milurtekoa" saileko banda gazteak ere jardun dira jazzaldian. Azkenik, iaz lortutako arrakasta dela eta, aurten ere Dixie Gunea egon da jazzaldian, jazzaren herri doinu alaiei dedikatuta, hain zuzen ere.
Kontzertu nagusiei dagokienez, saio apartaz gozatzeko aukera izan dute zaleek. Lehenengo egunean zaleek Diane Schuurren saioaz gozatzeko aukera izan zuten. Abeslari eta piano-joleak 50 hamarkadaren abesti klasikoz osaturiko programa eskaini zion publikoari. Biharamunean, ostegunean, Omar Sosaren Afreecanos laukoteak Afrikako eta Kubako doinuak hurbildu zituen Biotz Alai plazara. Bi saio horiek arrakasta handia izan zuten eta gutxi falta zen esparrua guztiz betetzeko. Gainerako kontzertuetan sarrerak agortu ziren. Ostiralean, Michel Camilok orain dela zazpi urte izandako arrakasta berriro lortu zuen eta, larunbatean, Spyro Gyra talde iparamerikarrak fussion-jazz doinuak ekarri zituen Getxora. Azkenik, atzo bertan eman zion amaiera bikaina jaialdiari Paquito D'Riveraren eta Chano Domínguezen Quartier Latin proiektuak.
Talde gazteak
Bestalde, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dute aurten ere Getxon. Talde Lehiaketa horren erakusle izan da. Aurtengo ekitaldian, Suitza, Italia-Danimarka, Errepublika Txekiar eta Poloniako taldeak iritsi ziren finalera. Maila handia erakutsi ondoren, Points talde txekiarra nagusitu zen lehiaketan. Italia-Danimarkako Vitale-Magatelli-Windfeld hirukoteak bigarren saria eskuratu zuen eta, Lorenz Kellbauerrek, Tobias Meinhart laukote suitzarraren piano joleak, lortu zuen bakarlaririk onenari ematen zaion saria. "Hirugarren Milurtekoa" sailean ere eskaintza anitza izan da aurten. Bost egunetan zehar, Getxo Antzokiko plazak beste horrenbeste kontzertu hartu ditu eta gonbidatutako taldeek zenbait estilotako doinuak jo dituzte.
Aurten ere, Dixie Guneko taldeak izan dira eguneko eskaintzari hasiera emateko arduradunak. Saioetan dixie, ragtime eta 20eko eta 30eko hamarkadetako doinuak izan dira nagusi. Gune horretaz baliatuta, jazz-zale berriak erakartzea nahi da eta bai eta lortu ere. Izan ere, jende asko gozatu du dixie musikaz, norbanako-zaletasunak edo adinak axola gabe. Azkenik, aipatzekoa da jazzaldiaren eskaintza honako jarduera hauekin osatu dela: gauerdiko jam sessions-ak, New Orleanseko marchin baten desfileak eta argazki erakusketa bat. Getxoren ondoren, Gasteizek eta Donostiak hartuko dute lekukoa Jazz Euskadi zikloan.