Bandera urdina gaurtik dago jarrita Getxoko Azkorri-Gorrondatxe hondartzan. "Ingurumena eta natura errespetatzen, hareatza gestionatzeko egindako esfortzu berezia aitortzeko saria" da hori udal iturriek adierazi dutenez. Aurretik ezarritako estandar batzuk bete izana egiaztatzen du, tartean, bainatzeko uraren kalitate ona, garbitasuna, informazioa, ingurumen hezkuntza, segurtasuna, zerbitzuak eta instalakuntzak. ADEAC-FEE, Ingurumen Hezkuntza eta Kontsumitzaileen Elkarteak emana, Azkorriko hondartzak 1.992an lortu zuen bandera urdina lehenengo aldiz eta, harrez geroztik, 15 bider eskuratu du (salbuespen bakarra Prestigeren isurketek eragin zuten). Hareatzaren ezaugarri bereziengatik garrantzi nabarmena du ingurumenaren ikuspuntutik: alde batetik, dunen ekosistemagatik; eta bestetik, bere hondar-lurzoru bigunean euskal kostaldean aurki daitekeen apo lasterkariaren bi populazioetako bat bizi delako bertan. Argazkian, bandera urdina Azkorrin.