Getxoko Udaltzaingoak bi gazte getxoztar atxilotu ditu gaur goizaldean Algortan ziklomotor baten piezak ustez lapurtzeagatik. Atxilotuetariko bat adingabekoa da eta bestea 19 urtekoa. Getxoko Udalaren Komunikazio Arloaren arabera, "udaltzainak harritu egin dira, goizeko 4:30ak aldera Sarrikobaso kalean beraiek apur bat lehenago lurretik altxatutako ziklomotor baten ondoan beste bi ziklomotor zeudela ikustean eta bi kasko auto baten gainean, inguruan inor ikusi gabe". Hurbiltzerakoan, gazte bat zuhaitz baten atzean ezkutatuta aurkitu dute, jantziak koipez zikinduta zituela eta eskuak ere zikin. Inguruan erreminta batzuk aurkitu dituzte. Era berean, hurbil dauden eskailera batzuetan beste gazte bat topatu dute. Udaltzainek ziklomotorreko pieza batzuk solte ikusi dituzte eta gazteetako baten ziklomotorrean ezkutatuta. Gainera beste ziklomotorrari piezak kentzen ari zizkiotenaren aztarna gehiago ere ikusi dituzte. Horren ondorioz, aipatutako bi gazteak atxilotu dituzte. 19 urteko gaztea guardiako epailaren esku utzi dute eta adingabekoa bere familiaren esku.