A/H1N1 gripeaz kutsatutako 18 umeak bakoitza bere etxean dago gaixotasuna igarotzen, Osasun Saileko iturriak aipatuz Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Haietariko bat ere ez da ospitaleratu behar izan eta beste ume eta gaztetxoek udalekuez disfrutatzen jarraitzen dute. Hortik landa, albiste-agentziek ez dute kasuaren inguruko ganorazko albiste gehiagorik ekarri, episodioa zehazki non gertatu den jakin-mina edo morboa asetzearena ez bada. Horrela, lehenengo une batean, pandemia Sopelan jazo dela zabaldu dute. Ondoren, Sopelako Udalak zabaldutako ukapenaren berri eman dute hedabideek. Horren arabera, udal udalekuetan A gripea zabaldu izana ukatu dute tokiko iturriek. Udalerriak bi udaleku ditu, batzuk musika ingurukoak dira eta besteak udaleku irekiak. BBK-k ere uko egin du bere kolonietan A gripe kasuak jazo izana. Azkenean, pandemia Bizkaiko Ikastolen Federazioak Ander Deuna ikastolan antolatutako udaleku itxietan izan dela zabaldu da. Zehazki, ingelesa ikasteko udalekuetan izan da eta ez Ander Deunak propio antolatutako kolonia irekietan. Argazkian, Sopelako udaleku gaztearen beste urteotako artxiboko irudia.