Imanol Landa alkateak sinatutako dekretuaren bidez, lana eta bizitza familiarra uztartzea erraztuko dien beste bi neurri izango dituzte Getxoko udal beharginek. "Beti ere Herri Administrazioak jendeari kasu egiteko ordutegia bermatzeko duen betebeharra eta egoera horretan dauden langileen beharren artean oreka bilatuz", hemendik aurrera ordutegi alternatiboa ere eskatu ahal izango dute adin txikikoak, ezindu fisikoak edo psikikoak zaintzeagatik lizentzia eska dezaketen langileek, tokiko iturriek jakinarazi dutenez. Egun indarrean dagoen lanaldiaren ordu-malgutasuna 7:15etik 8:30ak arte da. Aukerak 7:45etik 9:00etara artekoa eta 8:15etik 9:30era bitartekoak izango dira. Langileek edozein ordutegi hautatu ahal izango dute, 10 eguneko aurretiaz eskatu ezkero, eta gutxienez 15 egun naturaletarako. Malgutasuneko ordutegi alternatiboak urte natural horretan zehar berriro eskatu ahal izango dira, aipatutako epeak errespetatuz. Beharginak dagokion sailaren arduradunaren baimena eduki behar du, publikoa artatzeko eta sailaren helburuetan eduki dezakeen eragina aztertu ondoren. Argazkian, bi langile Getxoko udaletxeko errolda bulegoan.