Erregea hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko uzt. 7a, 21:04

Pierre Dessire de la Motte-Messeme, Piarres II.a Nafarroako erregea, pasa den ekainaren 24an zendu zen Bordelen, han hemenka heriotzaren albiste labur batzuk baino ez direla argitaratu. Halere, pasa den igandean, hilak 5, Euskal Herri osoa aintzat hartzen zuen, Frantziako Erresistentziako kidea izandako eta bere koroa erreferendumean jartzeko prest zegoen zendutako erregeari buruzko artikulua argitaratu zuen Amagoia Iban kazetariak "Berria" egunkariko "Igandea" gehigarrian. "Koroarik gabeko erregegaia" aipatu artikulua, baina, ez dago Internetez eskuratzerik eta UKBERRI.NET-era ekarri dugu gure irakurleentzat interesgarria izango delakoan eta hemeroteka lanak erraztearren. Argazkian, "Diario de Noticias" egunkarian argitaratutako eskela.

Koroarik gabeko erregegaia

© Amagoia Iban / "Berria" egunkaria. 2009ko uztailaren 5a.

Pierre de la Motte-Messeme izena zuen, "Nafarroako erregea erbestean" sinatu zuen hainbat agiritan, Piarres II.a izenaren atzean. Inor gutxiren arreta lortu zuen, lortutako gehiena txarrerakoa izan zen. Asteazkenean zortzi hil zen, Bordelen. Pasarte eta irudi paradoxikoak utzi ditu atzean.

"Berorren Errege Gorentasuna Pierre-Dessire de la Motte-Messeme Bordelen hil zen 2009ko ekainaren 24an. Nafarroako errege-erregin Foixeko Katalina andrearen eta Joan Albreteko jaunaren ondorengo zuzen eta bertikala, eta haien zilegizko oinordekoa; 1958ko martxoan hil zen Germaine Koening andrearekin ezkondua eta La Motte-Messemeko kondea, Le Poulcreko kondea, Senonnesko markesa, Lounduneko dukea, Commingeseko kondea, Bigorreko kondea eta Biarnoko bizkondea, Foixeko kondea eta Andorrako koprintzea, Vianako zilegizko printzea, Jerusalemgo San Joanen Ordenako zalduna, San Michel Ordenako zalduna, Croisanteko Ordenako zalduna, Espiritu Santuko Ordenako zalduna eta San Hubert Ordenako comandeurra. Bihotz zintzoko gizon bati, Nafarroako Errege Etxea".

Atzo zortzi argitaratu zen eskela Nafarroako "Diario de Noticias" egunkarian gaztelaniaz: 90eko hamarkada bukaeran euskal herritarren aurrean Nafarroako errege gisa aurkeztu zuten gizonari, Piarres II.ari, eskainia zen. Nafarroako koroaren "zilegizko oinordekoaren" bila hamalau urtez aritu ziren nafar independentista eta legitimista batzuek ekarri zuten hona 1999ko maiatzean. Etorri aurretik, Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak kritikak eta txantxak eginak zituen monarkia parlamentarioa berrezartzeko euren asmoen inguruan. Guztia "txoropito baten asmoa" zela esan zuen Sanzek, Blas Beaumont mekanikari ohi iruindarrari buruz. izan ere, Beaumontek gidatu zuen Piarres II.a aurkitzeko, aurkezteko eta Nafarroako errege izendatzeko ahalegina.

Lehen bisita

"Grandiose! Grandiose!" errepikatu zuen Pierre-Dessire de la Motte-Messemek Iruñeko katedralera Nafarroako errege gisa sartu zen egunean, duela hamar urteko maiatzaren 20an. Nafarroako koroa berreskuratu nahi ote zuen galdetu ziotenean, barre txikia egin zuen. Bezperan iritsia zen Iruñera, Miarritzetik (Lapurdi), Mercedes beltz zaharrean. Albret hotelean hartu zuen ostatu, ondoan izan zituen beti Blas Beaumonteko dukea -txoferrarena ere egiten zion-, Nizako ondasunen administratzailea, itzultzailea, errege etxeko idazkari Oskar Garjon eta azken horren amona eta izeko.

Piarres II.a bigarren aldiz etorri zen Euskal Herrira 1999ko urrian. Leiren, bere segizioa espantuka hasi zen Nafarroako lehen errege-erreginen hilobia Espainiako bandera monarkikoaren koloreekin jantzita zegoela ikustean.

Biografia

Nafarroako erregegaia Frantzian aurkitu zuten, Kosta Urdinean, Nizan. Austrian jaioa zen, Vienan, 1921ean. Txikitan, Zarautzera etorri ohi zen familiarekin uda pasatzera. Urte asko geroago beretzat aldarrikatuko zuen erresumako hiriburua ere, Iruñea, umetan ezagutu ei zuen. II. Mundu Gerran, nazien aurkako erresistentzian, "La Motteren taldea" gidatu zuen. Preso hartu zuten horregatik. 25 urtez AEB Ameriketako Estatu Batuetan bizi ostean, Europara itzuli zen. Foixeko Etxearen -Nafarroako azken errege-erregin dinastia- adar nagusiaren buruzagi subirano eta jagole Timoteok Nafarroako erresumako koroaren oinordeko izendatu zuen. Foixeko Katalinaren eta Albreteko Joan III.aren zuzeneko ondorena zelako.

Pedro I.a izenez aurkeztu zuten lehenik, baina, izen bereko Nafarroako errege bat egona zenez, Piarres II.a bihurtu zen. Gerora, Frantziaren eta Espainiaren aurkako salaketa aurkeztu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko Deskolonizazio Batzordean, "Nafarroako erresuma kolonialki okupatu izanagatik". Salaketa testuan, "Nafarroako erresumari subiranotasuna eta independentzia onartzea" eskatu zuen Piarres II.ak, eta argi utzi zer zen Nafarroa harentzat: "argitasun handiz egun Euskal Herria esaten zaiona" eta Albreteko etxearen menpeko lurrak. Erresuma berrezarri ala ez, nafar guztiek erreferendum bidez erabakitzea nahi zuen.

Hedabide zenbaitetan jaso ohi ziren haren eta Beaumonteko dukearen aldiroko gutunak. Baita "Berria"n ere. Gabonetako zorion gutunak, besteak beste. Paradoxa ere bada, baina gutun haietako askoren zigiluak Espainiako Juan Carlos I.aren aurpegia erakusten zuten, barruan Nafarroako errege Piarres II.aren mezuak gorde arren.

Errege bilatzailea

Blas Beaumont iruindarra da Piarres II.a aurkitu zuen taldearen bihotz eta gidari. Eneko Aritzarekin VIII. mendean hasitako tradizioa Henrike III.a Borboikoa hiltzean (1610ean) bukatu zela zioen historia ofiziala auzitan jarri, eta Europako artxiboetan hasi zen bila. Simancas, Versailles, Londres... pasatu ostean, 1994an aurkitu zuen Foixeko Etxearen -Nafarroako azken errege-erreginen dinastia- adar nagusiaren buruzagi subirano eta jagole Timoteo, Kalifornian (AEB). Beaumontek idatzi egin zion, eta hogei egunetan beste eskutitz bat jaso zuen bueltan.

Nafarroako erregegai izatea onartu zuen Timoteok, baina monarkia berrezarri nahi zuela esan zuenean arazoak hasi ziren. "Harremana egina genuen Nafarroako lehendakariarekin, alderdi batzurekin, baina ordutik eroa naiz, barre egiten dute nitaz", ziotson "Euskaldunon Egunkaria"-ri Blas Beaumontek, 1998ko azaroan. Foixeko Timoteoren graziaz, Beaumonteko duke, Bigorreko bizkonde eta Canilloko markes zen 1994tik, baina harekin harremana galdu zuen 1998 amaierarako. Timoteok azken mesedea egin zion, hala ere: Frantzian Foixeko etxearen beste ondorengo bat bazela esan zion. Horrela aurkitu zuen Pierre-Dessire de la Motte-Messeme, Kosta Urdinean, Nizan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun