Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak "harriduraz" hartu du PPk eskaera egin izana, "batez ere ordezkari popularrak jakitun izan behar direlako edozein zinegotzik, Getxoko PPkoak barne, inork baino zilegiago duela, izatez, epaitegietara jotzea Legea bete dadin eskatzeko". Aurretik, eskaera aurkeztu aurretik, banderak jar daitezen, "beharrezkoa" egitea eskatu du Eduardo Andrade Getxoko PPren ordezko bozeramaileak; "horrela, uztailaren 31n (San Inazio), udalerriko egun handian, bandera espainola eta ikurrina udaletxean zintzilik ikus ditzagun". Ildo horretan, "Espainiako Auzitegi Goreneko sententziaz gain, maila txikiagoko beste hainbat epaitegien eta Udalbatzaren gehiengoak hiru alditan hartutako erabakiak bete ez izana" egotzi dio Imanol Landa alkate jelkideari zinegotzi popularrak. "Gauza bera egin du 145 proposamenekin", Andradek gaineratu duenez. Bitartean, "Cabiecesek abiatu beharreko ekinbide judizialak bere poltsikotik ordaintzea" exijitu dio Landari.
"Emandako hitza"
Getxoko PSE-EEri, berriz, "erantzunkizunez" jokatzera dei egin dio Andradek, "behingoz, hauteskunde kanpainan eman zuen hitza bete dezala" eskatuz. Zinegotzi popularraren arabera, "Getxo udalerrian aldaketa politikoa eman eta PPri agintzen utziko ziola hitzeman zuen". "Bada, zentsura mozioa sina dezala behingoz", gaineratu du Andradek. Getxoko PPren ordezko bozeramailearen arabera, "PSEk bere hitza beteko balu banderak jarrita egongo lirateke jada. EAJrekin aurrekontuak adostu beharrean, PSEk bere hitza izan balu, Korrikak ez zituen 16.000 mila euro jasoko, zeinean gizatxar batzuk ETAko presoen argazkiak aldean paseatzen ibili ziren, terrorismori gorazarre eginez. Edota ez zen dirurik emango Pirritx eta Porrotx ekartzeko".