Krisiari aurre egiteko asmoz, "egonkortasun hitzarmena" sinatzeko proposamena egin zion Erandioko PSE-EEk egun gehiengo osoa duen EAJren Udal Gobernuari, ekainaren 18ko osoko bilkuran. Hain zuzen, egun horretan aukeratu zuten Joseba Goikouria alkate, Mikel Arieta-Araunabeñaren ordez.
Juan Otermin tokiko sozialisten bozeramaileak kritikatu duenez, "zoritzarrez, gogoan baino ez zuten hartu, alkateak ez du besterik egin". Hala ere, berriro luzatu diote eskua Goikouriari eta Udal Gobernu Batzordeari PSEkoek. Oterminen hitzetan, udalerrian ematen ari den langabeziaren "hazkunde geldiezinari" -%16,5, ia 1.600 lagun- eta "hurrengo bi urtetako ekitaldien aurreikuspen txarrei" aurre egitea dira proposamenaren helburuak; baita "gehiengo osoa izan arren, EAJk eguneroko gestioan aurkitzen ari den zailtasunei" aurre egitea ere. Argazkian, Juan Otermin Erandioko PSE-EEren bozeramailea.