Ehun bat lagun manifestatu dira gaur goizean Erandion zehar Sasyma enpresak kaleratutako Toribio Romero langileen ordezkariari bere lana bueltatu diezaioten. Martxa CCOO sindikatuak deituta zegoen eta bertan, besteak beste, Unai Sordo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako CCOOren idazkari nagusia, Toribio Romero kaleratutako delegatua bera eta Juanjo Lopez Bizkaiko CCOOren Industria Federazioko arduraduna izan dira. Lopezek gogoratu duenez, Romero pasa den apirilaren 20an kaleratu zuten, Sasyma eta Machin enpresek hiru lankide errumaniarrekin erabilitako demaseko jokaerak edo "esklabotza baldintzak" salatu eta aste batera. Lan Ikuskaritzak salaketa aintzat hartu eta 2.800 euroko isun bana jarri zizkien enpresei. Orduan, Sasymako arduradunek, "ordainean" Lopezen aburuz, Romero kaleratu zuten. Hortik aurrera, enpresaren aurrean egunero mobilizazioak egin dituzte eta gaurkoa burututako hirugarren manifestazioa izan da, dagoeneko 79 egun daramatzan lan gatazka honetan. Epaiketa uztailaren 23an burutuko da, enpresak bitartekaritza guztiak ukatu ondoren.