Imanol Landa alkateak adierazi du “ekimena zirkulu solidario perfektua dela, liburuak getxoztarrek emandakoak direlako eta salmentatik ateratzen den dirua proiektu solidario batera doalako”. Gainera, agertutako elkartasunagatik eskerrak eman dizkie herritarrei udal agintariak, “pozteko arrazoia baita bildutako diru kopurua urtez urte hazten doala ikustea eta horrek Getxo udalerri solidarioa dela erakusten du”. 2009an, 11.114 euro lortu dira; 2008an 10.258 euro atera ziren; 2007an 6.058 euro eta 2006an 6.400 euro. Landak Atfal elkarteari ere eman dizkio eskerrak, saharar errefuxiatuen kanpamenduen egoera arintzen laguntzeko egiten ari den lanagatik.
Saharar umeak
Saharar ezinduak laguntzeko proiektua 1997an sortu zen. Aurreko udan euren etxeetan saharar umeak hartu zituzten familia batzuek eratu zuten Atfal elkartea. Besteak beste, “Oporrak bakean” programarekin batera, Euskal Karabana solidarioan parte hartzen du urtero errefuxiatuen kanpamenduetara materialak eramateko, kooperazio egitasmo batzuetan parte hartzeaz gain. Aurten 16 neska-mutilek igaroko dute uda familia getxoztarrekin. Larunbat honetan, uztailak 11, helduko dira Loiuko aireportura.