Erandioko Emakume Gazteen Asanbladak deituta, "Emakumeen aurkako erasorik ez! Emakume gazteok, jaiki eta erantzun!" leloaren pean elkarretaratzea egingo dute gaur 20:00etan, Erandioko metro geltokiaren aurrean. Izan ere, pasa den ekainaren 28an
19 urteko emakume bati sexu-erasoa egin ziotela atzo zabaldu zen eta emakumeen plataformak horren salaketa egin nahi du. Ustezko erasotzailea, 19 urteko mutil erandioztarra, pasa den asteartean atxilotu zuen Ertzaintzak. Kontuak kontu, bortxakeria matxista eta sexu-erasoen artean, Uribe Kostan eta Erandion aurten zabaldu den emakumeen aurkako hamabigarren erasoa da azken hau. Gainera, erasotzaileak gazteak dira kasu gehienetan. Bitartean, pasa den apirilaren 8an Erandioko
Akarlanda parkean emakume bati sexu-erasoa egin zioten bi gizonezkoek aske jarraitzen dute. Argazkian, pasa den azaroaren 25ean Erandioko Emakume Gazteen Asanbladak autodefentsarako deia eginez egindako elkarretaratzea / EEGA.