Getxoko Udaltzaingoak gizon gazte bat atxilotu zuen atzo, asteazkena, indarrez tira eginda urrezko erloju bat lapurtzea egotzita. Udal iturriek zabaldutakoaren arabera, 13:10ak aldera, Algortako Kasune kaleko merkatuaren inguruko trafikoa zaintzen ari zen udaltzainari jakinarazi zioten gazte batek urrezko kate bat ostu ziola emakume bati eta ihes egin zuela Sarrikobaso kalerantz. Horren bilaketa lanak martxan jarri ondoren, kalez jantzita zihoan polizia talde batek aipatu kaleko kalezulo batean aurkitu zuen ezkutatuta mutila, lapurreta unean zeraman kirol-jertsea polizia despistatzeko kentzen ari zenean. Gazteak lapurtutako urrezko katea zuen, ixteko tokitik apurtuta indarrez tira egin izanagatik. Ustezko lapurra, J.A.L.B., 19 urteko eta Bilboko auzokidea da eta polizia aurrekariak ditu, horietariko batzuk oso larriak, tokiko poliziak dioenez. Getxoko Guardiako epailearen esku utzi zuten. Emakumea artatu behar izan zuten, sustoa jasan ondoren antsietate egoeran baitzegoen.