Eusko Jaurlaritzak 1.850.000 euro erabiliko ditu aurten -iaz 1.300.000 euro izan ziren-, 2008/09 ikasturtean HABEn edo zentro homologatuetan euskara-maila egiaztatzeko azterketak gainditu dituzten ikasleei laguntzeko. Horrela, bi helburu bete nahi dituzte: batetik, aurre egitea euskara-maila egiaztatuko duten ikasle-kopuruaren hazkundeari (3.900 inguru, aurreikusitakoaren arabera), eta, bestetik, ikasle bakoitzak euskara ikasten batez beste gastatutakoaren %75 berreskuratzea. Diru-laguntza irailaren 8tik urriaren 7ra bitartean eskatu ahal izango da, Internet bidez,
Kultur Sailak zehaztu duenez. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da "emandako laguntza guztiak 2009a amaitu aurretik ordaintzea". 2008ko apirilaren 8tik 2009ko abuztuaren 31ra bitartean euskaltegiren batean matrikulatuta egon diren ikasle guztiek eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek, baldin eta HABEren euskara-maila edo beraien baliokideak egiaztatzen badituzte. Horretaz gainera, matrikula-gastuak ikasleek eurek ordainduak izan behar dira laguntzak jaso ahal izateko. Argazkian, Blanca Urgell Kultura sailburu berria / ©
PSE-EE.