Ostiral honetarako, uztailak 10, Herrigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) inguruko hitzaldia antolatu du Berango Eraikitzen herri plataformak. Gogoratu dutenez, hurrengo zortzi urteetan Berangon 2.321 etxebizitza (1.184 BOE, 460 tasatuak eta 677 salmenta askekoak) eraikitzea aurreikusten du horrek, "hainbat ezbeharren artean". Solasaldia 18:00etan izango da Berangoetako kultur etxean. Planaren inguruan zenbait azalpen ematea da helburua, "Udalak ez baitauka inolako asmorik herritarrak informatzeko", salatu dutenez. Herri plataformako kideen arabera, "ez da inolako parte hartzerik izan, eta herritarrak oro har ez dituzte HAPOren nondik norakoak ezagutzen". Hori dela eta, HAPO osoaren kontrako alegazioa aurkeztera deitu dituzte berangoztarrak. Bere aldetik, Lantzarteko Auzokide Elkarteak beste alegazio idazki bi (euren bitakoran eskuragarri) prestatu ditu. Izan ere, Lantzarten ere edukiko du eragina HAPOk, aipatu zelaiari "kirol eta aisialdi" izendapena kendu eta bertan 80 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko baitu. Uztailaren 20ra arte egongo da zabalik alegazioak aurkezteko epea. Argazkian, dozenaka herritarrek izenpetu dute Berango Eraikitzenen idazkia / Berango Eraikitzen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!