Imanol Landa Getxoko alkateak, "erabateko gaitzespena" adierazi dio ustez
Algortan bart jazotako bortxaketari.
Udal agintariak adierazi duenez (mp3), “eraso mota horiek emakumeenganako indarkeriaren adierazpen larria dira”. Landak zehaztu du Udalak sentiberatze, hezkuntza, segurtasun eta Udaltzaingoren ikuspegietatik, mota horretako erasoak ez gertatzea helburu duten politikak eramango dituela aurrera, eta “gertatutakoa ikusita ahalik eta ardura handienarekin" egingo dutela. Helburu hori lortzeko, Udalak dituen baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa agertu du alkate getxoztarrak. Keltse Eiguren Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ere "gaitzespena eta arbuioa" agertu ditu, “sexu erasoa indarkeria sexistaren adierazpena baita eta, beraz, giza eskubideen urraketa larria, emakumezkoei oinarrizko eskubideak disfrutatzea galarazten diena”. Azkenik, gertatutako bortxaketa "sutsuki" arbuiatu du Eusko Jaurlaritzaren Genero-Indarkeria Biktimei laguntzeko Zuzendaritzak. "Emakumeen aurkako biolentzia errotik kentzeak guztion ahalegina eskatzen du. Hortaz, gizartearen arazo larri honen aurrean tolerantziarik ez aurkezteko eskatzen diegu hiritar guztiei", Gasteizko exekutiboko arduradunek aipatu dutenez. Argazkian, Landa eta Eiguren prentsaurreko batean.